Aurrerago batean esan genizuen Mendaro Ikastolako Hizkuntza aniztasunaren mapa osatzeko proiektua abiatu genuela ikastolarekin elkarlanean. Eta horri lotuta, aspalditik ikusten genuen beste behar bati ere heldu nahi izan diogu: Mendaron euskara ikasteko dagoen ezinari. Ez zen gai berria guretzat, Arnoko Euskara Taldean dihardugunotako batzuk herriko Euskara batzordeko kide ere bagaralako, baina Hizkuntza aniztasunaren maparen berri eman ostean, beste lau guraso gerturatu zitzaizkigun argi eske, euskara ikasi nahiko luketela esanez. Eta ez genuke guraso horien ilusioa apaltzen utzi nahi.

Kontua da Mendaroko Udalak urtero zabaltzen duela euskara eskola sortzeko aukera herrian, baina urteak direla talderik osatu ez dela. Izan ere, herri txikia izanda, zaila da maila bereko zazpi ikasleko taldeak sortzea. Talderik sortu ez denetan, dirulaguntzak ere eskaini izan ditu Udalak irailean, kanpoko herrietara euskara ikastera joateko. Baina Udalari ere esan genion beharbada aztertu beharko litzatekeela zeintzuk aukera dauden dirulaguntza horien ordez herrian euskara eskola egonkorragoak sortzeko.

Bada hilabete inguru  Arnoko Euskara Taldetik Udalera jo genuena gai honekin. Udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako buruekin, Kultura teknikariarekin eta UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) teknikariarekin ere jarri gara harremanetan, gai honentzako irtenbide duin bat bilatze aldera. Oinarrizko euskara eskola sortu nahiko genuke, eta irailean jarraikortasuna eman. Horretarako aukera ezberdinak aztertzen aritu gara UEMAko teknikariarekin. Udalak ere borondate ona agertu du, baina zer eta nola antolatu erabakitzeko, behar-beharrezko dugu jakitea zenbatek izango luketen oinarrizko euskara eskolak jasotzeko beharra.  Ez dakigu zer egiteko gai izango garen, baina ahalegina egin nahiko genuke bai UEMAk, bai Udalak eta baita guk ere. Horregatik, gai honetan interesa duzuenoi eskertuko genizueke gurekin harremanetan jartzea eta zeintzuk diren zuen beharrak.

Gurekin harremanetan jartzeko: arnogurasoelkartea@gmail.com