Psikomotrizitatearen gaiarekin gatozkizue gaur. Jakingo duzuen moduan, gure ikastolan psikomotrizitatea emateari utzi zioten aurtengo ikasturtean, pandemia egoeran segurtasuna bermatu ezin zutelakoan. Guraso askok agertu zeniguten kezka, eta horregatik, landu beharreko gaietan urgentziazkoen tartean sartu genuen guk. Lerro hauen bidez jakinarazi nahi dizuegu lanean hasita gaudela. Joan zen astean izan genuen aurreneko bilera ikastolako zuzendaritzarekin eta agertu genion gure kezka. Zuzendaritzatik esan ziguten psikomotrizitatea emateko aukera ezberdinak aztertu zituztela, baina gaur gaurkoz, ez dutela bideragarria ikusten,  eskola-umeen segurtasuna zaintzeko erantzukizuna dutelako eta iruditzen zaielako psikomotrizitate-gelan ezin dutela bete. 


Esan beharrik ez dago estimatzen dugula ikastolako zuzendaritza garai zail hauetan (ere) segurtasuna bermatzeko egiten ari den lana. Haurren garapen egoki baterako, ezinbestekoa da haiek seguru sentitzea beren ingurunean. Baina guk ez daukagu zalantzarik: ikastola espazio segurua da gaur, eta gure haurrak, oro har, zoriontsu ikusten ditugu han.  Hala ere, ez dugu ukatuko zenbait neurri murriztailek epe luzera eragin dezaketen kalteak kezkatuta gaituela eta hau da neurrietako bat. Uste dugu, psimotrizatearen onurak aintzat hartuta, lehenbailehen ekin beharko geniokeela berriz eskaintzeari. 


Ulertzen dugu, baina, zuzendaritzaren kezka, eta ulertzen dugu, nola ez, erantzukizun osoa bere sentitzen duenak senti dezakeen karga. Horregatik, hezkuntza komunitateko kide garen aldetik, gure  ekarpena egin nahiko genioke, konfiantza eta elkarlana bultzatzeko eta indartzeko logikaren barruan.


 Guk ere ahalik eta espaziorik seguruena egin nahi dugu ikastola, baina iruditzen zaigu, arriskurik gabeko gunerik ez dagoela, ez orain, pandemia egoeran, eta ezta lehen ere. Garbi daukagu: 0 arriskurik ez dago. Eta horregatik ez dugu ulertzen zergatik sentitzen duen zuzendaritzak ardura handiagoa psikomotrizitate gelan gerta daitekeenaz,  ikasgelan, jantokian edo eraikineko beste edozein espaziotan gerta daitekeenaz baino. Badakigu, kasu positiboak agertzean beti sortzen dela egonezin-halako bat gurasoon artean, eta horregatik iruditu zaigu egokia gai hau zabaltzea, bi helbururekin: batetik, ikusteko gurasook jabetzen garela ikastolan ere badagoela arrisku minimo bat, eta bestetik, psikomotrizitatea berriro abiatzeko behar duen babesa eta laguntza eskaintzeko zuzendaritzari. Psikomotrizitateak haurren garapen intelektual, afektibo eta sozialerako dituen onurak jasota daude eta bistakoak dira, eta haietan jarri nahiko genuke guk argia, balizko arriskuetan beharrean.

Hona psimotrizitatearen onurak zerrendatuz ikastolan aurkeztu dugun dokumentua: