Hemen udalaren oharra: https://www.mendaro.eus/eu/-/mendaron-erregeen-kabalgata-egongo-dela-baieztatu-du-udalak-eta-boluntario-bila-ari-dira
Harri eta zur gelditu gara Udalak Errege Magoen desfilearen harira zabaldu duen prentsa oharra irakurtzean. Eta ez dugu ezkutatuko: minduta gaude; are, haserre gaude. Udalak kabalgata egongo dela ziurtatzen duela nabarmendu duzue titularrean eta boluntario bila ari zaretela. Ondorengo lerroan, zehaztapenak: “Mendaroko Udalak lekukoa hartu eta Errege Magoen kabalgata antolatuko du urtarrilaren 5ean, arratsaldeko 18:00etan, ARNO Guraso Elkarteak ez egitea erabaki ondoren”.
Lerro hauetan jasota dagoena ez da bere horretan zuzena, eta oharra publikoa denez dagoeneko, modu berean erantzutera behartuta gaude.
Duela urtebete, Gabon aurrean, jakinarazi genizuen gure iritzia. Musika Eskolako ordezkariekin batera udaletxean alkatetzarekin izan genuen bileran azaldu genuen estreinakoz ez genuela ikusten Errege Magoen desfilearen ardura Arnok bere gain hartu behar zuenik. Estatutuak eta bestelako agiriak errepasatuak geneuzkan ordurako eta erreleboa eman zigutenen iritziak ere jasota. Esana genuen, baita ere, hezkuntza kontuetan indar gehiago jartzea eragozten zigula sarri guraso elkarte bati berariaz ez dagozkion ekintzak antolatzeak
https://arnogurasoelkartea.eus/2020/11/18/arnokide-berrien-eta-haien-proiektuaren-aurkezpena/
Baina dena den, esan genuen eta azpimarratu genuen, herrigintzan eragile bat gehiago ginela eta gure laguntza izango zuela Udalak hala behar zuenean. Era berean, COVIDaren kontu honekin ohiko kabalgata ereduari beste buelta bat ematea ere proposatu genuen, egoera larria zelako (eta hala delako). Laburbilduz, kabalgata antolatzea ez zegokiola Arnori, baina esateko zertan behar zenuten laguntza eta laguntzeko prest izango gintuzuela.
Aurten, azaro hasieran, Gabonak gainera zetozkigula ikusita eta Udaletik inolako berririk jaso ez genuenez, guk geuk eskatu genuen batzarra azaroaren 10ean. Azkenean, bilera hori abenduaren 9an egin genuen. Batzar hartan gogoratu eta adostu genuen Udalak hartuko zuela kabalgata antolatzeko ardura eta Arno laguntzaile izango zuela. Gerora beste pare aldiz bildu dira gure taldekideak Kultur teknikariarekin eta bildu beste alditan agertu dugu laguntzeko prestutasuna. Are, proposamenak ere eraman ditugu, bai eta kontuan hartzeko zenbait gai zerrendatuta ere, Udalari lagungarri izango zaizkiolakoan. Arnoko Ekintza taldekoek, beraz, ez zegozkien ardurak ere hartu dituzte, berandutzearen ondorioz Errege Magoen desfilea bera ere kolokan ikusten zutelako.
Horregatik guztiagatik oso desegokia irizten diogu Udalak gaur zabaldu duen mezuari.
Boluntario eskean zabiltzatela zabaldu duzue, laguntzeko prestutasuna agertu duen guraso elkartea leku txarrean lagata. Esan gabe doa ez zaigula bidezkoa iruditzen, eta herritarrek egi osoa merezi dutela uste dugunez, publiko egiten dugu gure erantzuna.
Arno Guraso Elkartea