Aspaldikoa da Mendaron eskola kirolaren kudeaketaren inguruko kezka. Inguruko herrietan kirol teknikarien ardura dena gurasoek bete dute Mendaron. Esan nahi da Arno Guraso Elkartean unean-uneko zuzendaritza-taldeak kudeatu duela Eskola Kirola beti, eta entrenatzaile-lanak ere guraso boluntarioek bete dituztela. Eta hori, jakina, lan handia izateaz gainera, guretzako baino ardura handiagoa izan da. Denboran iraungo duen kalitatezko programa bat ziurtatzeko gabeziak eta zailtasunak agerikoak izan dira. Ez dugu ahaztu behar Arnoko talde-eragilea bi urtean behin berritzen dela eta horrek aldiro zerotik hastea eskatzen duela, eta gure egitura horrek berak zailtzen duela, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eskola Kirolean egiten zituen berrikuntzetara egokitzea. Prestakuntzaren eta baliabideen falta ere izan dugu, eta gainera, gurea guraso elkartea izanda, ezin izaten genituen mugikortasunerako dirulaguntzak eskatu [Debako eta Mutrikuko teknikariek egin digute mesede hori urteetan, baina haiek ere Mendaroko Udalaren inplikazioa eskatzen zuten]
Kezka horiek guztiak dokumentu batera eraman zituzten duela bost urte gure egiteko berean ari ziren gurasoek. Dokumentu hura zabalagoa zen, eta Kirola Mendaron jarri zioten izenburutzat, eskola kiroletik haratagokoak ere jasotzen zituelako. Eta horrek, dokumentu horrek, eman digu bidea gauden lekura iristeko. Azpimarra dezagun hori.
Pandemiak ez du txarra bakarrik ekarri
Iaz, pandemia bete-betean, eskola kirola martxan jartzeko baino lotuago topatu genituen gure buruak. Huraxe zen nahi eta ezina! Eskatzen zituzten baldintzak betetzea ezinezko zitzaigun eta bermerik ikusten ez genuenez, eskola kirola bertan behera laga behar izan genuen, derrigorrean. Ez zen erabaki erraza izan, ez zen inoren gustuko erabakia izan. Eskola kirolaren ordez, ariketa fisikoa egiteko hainbat jarduera antolatu genituen Arnotik, eta pozik gaude izan zuten harrerarekin, baina bagenekien ez zela nahikoa.
Bageneukan zeri heldu, baina, eta ekainean, batzar batera deitu genituen azkeneko sei urtean Arno barruan kirol alorreko gaien ardura izan duten guraso lagunak. Bilerak bilera ekarri zuen, eta elkarrekin proposamen bat adostu genuen, Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiei aurkezteko. Proposamen haren oinarrian bi puntu jaso genituen: batetik, kirol teknikari bat behar genuela eskola kirola kudeatzeko; aditu bat, arlo teknikoaz arduratzeko. Eta bestetik, ez geundela prest gure indargune izan zirenak galtzeko: parte-hartze handia, zer esanik ez neskena [Nesken parte-hartzea %50ekoa da Mendaron eta Gipuzkoako batez bestekotik gorakoa da] eta gurasoen inplikazioa. Horregatik, prest geunden entrenatzaile lanetan guk geuk, gurasook, jarraitzeko, Mendaroko nortasunari eusteko, baina garbi geneukan kirol teknikari bat behar genuela kudeaketa lanetarako.
Eta ahalegin askoren ondoren lortu dugu azkenean, Udalaren laguntzarekin. Athlon kooperatiba kontratatuko dugu Eskola Kirola kudeatzeko eta Amaia Revert mendaroarra izango da egiteko horretan jarriko duten kirol teknikaria. Entrenatzaileak gurasoak izango dira, baina Reverten ardurapean arituko dira. Urteko kuotan ez da aldaketarik izango eta 35 eurokoa izango da.
Aurrerago, protokolo kontuak lotutakoan, Jolashezi programa ere jarri nahi genuke martxan LH1 eta LH2koekin eta hala adierazi diegu Udalari, ikastolari eta Athloni. Eskola Kirolean 6-8 urte bitarteko haurren garapen motor/kognitibo/afektibo eta sozialaren oinarriak eraikitzeko programa da Jolashezi. Baina, lasai, etorriko da hori eta emango dizuegu horren berri ere.
Datorrenaren aurrerapen bat da hau. Aurki zabalduko dugu eskola kirolean izena emateko epea eta emango dizuegu informazio gehiago. Bloga ere izango du Mendaroko Eskola Kirolak eta Arno Guraso Elkartearen blogetik sarrera zuzena izango duzue hara. Bidean da.