Apirilaren 22an, duela 51 urtetik hona egiten den bezala, Ama Lurraren Eguna ospatuko da, Madre Tierra, Pachamama… Egun honen helburua mehatxatzen gaituzten arazo larriekiko sentsibilizazioa da.
Munduko arazo handiak oso urrun geratzen zaizkigu, eta, a priori, irtenbide posibleak boteretsuen esku daudela dirudi. Neurri handi batean horrela bada ere, guztiok dugu geure erantzukizuna. Denok jardun dezakegu tokian-tokian eta eguneroko keinu txikiekin. Egunero zaindu behar dugu ingurumena, egunero zaindu Natura; egunero izan behar luke Lurraren Eguna. Topiko bat da, bai, baina baita egia borobila ere.
Arno Guraso Elkartetik ere, Lurraren eguna gaur ospatuko dutenekin gogoratu gara, eta egun hori aitzakia hartuta, Lurra egunero zaindu eta gozatzeko gonbita luzatu nahi dizuegu.
Eta funtzio publikoko langile interinoen gaurko greba deialdia dela-eta gure seme-alaba asko gaur eskolara joateke geratuko denez, zergatik ez adibidez eurekin kalera ateratzean zakar zorro batzuk hartu eta eskularru batzuk jantzita, tarte bat gure inguruetan barreiatuta dauden plastikoak eta bestelako zaborrak biltzen eman? Norbait animatzen bada, partekatu gurekin argazkiak posta elektronikoz arnogurasoelkartea@gmail.com era idatziz.

Begira gai honekin lotuta, zer iritzi duten kirolari batzuk:
https://fi-fi.facebook.com/pg/EhunmilakUltratrailG2h/posts/
Irakurtzeko gogoz gelditu zaretenontzat: NAZIO BATUEN ERAKUNDEAREN web orrian maxiatzen ibili gara, eta interesgarria iritzi diogun testu zati bat itzuli dizuegu, gehiago irakurri nahi duzuenontzat.
Ama Lurra ohiturak aldatzeko eskatzen ari zaigu argi eta garbi. Ozeanoak plastikoz betetzen ari dira eta azidoagoak bihurtzen. Muturreko beroak, baso-suteek, uholdeek eta Atlantikoko urakanen denboraldiek milioika pertsonari eragin diete. Orain COVID -19ri aurre egin behar diogu, gure ekosistemaren osasunarekin harreman handia duen munduko osasun-pandemia honi.
Klima-aldaketak, gizakiak naturan eragindako aldaketek eta biodibertsitatea asaldatzen duten krimenek, hala nola baso-soiltzeak, lurzoruaren erabileraren aldaketak, nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpen intentsiboak edo basa-bizitzaren legez kanpoko merkataritza gero eta handiagoak, animaliek gizakiei eragindako gaixotasun infekziosoen (gaixotasun zoonotikoen) kontaktua eta transmisioa areagotu dezakete.
PNUMAren arabera (Nazio Batuen Ingurumenerako Programa), 4 hilean behin gaixotasun infekzioso berri bat agertzen da gizakiengan. Gaixotasun horietatik, % 75 animalietatik datoz. Honek gizakien, animalien eta ingurugiroaren arteko harreman estuak erakusten ditu.
Ekosistemek Lurreko bizimodu guztiak sostengatzen dituzte. Gure ekosistemen osasunaren mende dago zuzenean gure planetaren eta bertako biztanleen osasuna. Kaltetutako ekosistemak leheneratzeak pobreziarekin amaitzen, klima-aldaketari aurre egiten eta iraungitze masiboari aurrea hartzen lagunduko digu. Ekosistemak Zaharberritzeko Nazio Batuen Hamarkadak, Ingurumenaren Mundu Egunean (ekainaren 5ean) ofizialki abiaraziko denak, ekosistemen degradazioa prebenitzen, gelditzen eta inbertitzen lagunduko digu kontinente guztietan eta ozeano guztietan. Baina mundu guztiak bere hondar aletxoa jartzen badu bakarrik lortuko dugu.
Gogora dezagun gaur inoiz baino gehiago Ama Lurraren Nazioarteko Egun honetan ekonomia iraunkorrago baterantz aldaketa bat behar dugula, pertsonentzat zein planetarentzat funtzionatuko duena. Naturarekin eta Lurrarekin harmonia aldarrikatzen dugu. Bat egin Ama Lurra berrezartzeko mundu-mugimenduarekin!
Ingurugiroak kezkatuta bazauzka, tarte bat duzunean sartu-irten bat egiteko:
Eta ingurumenari eta bizi dugun pandemia egoerari oso lotutako kontu bat hemen.
Duela hilabete batzuetatik hona, maskara ezinbesteko elementu bihurtu da gure eguneroko bizitzan. Erabiltzera derrigortuta gaude, eta horregatik, egunero zabor ugari sortzen dugu. Hala ere, kontu handiz ibili behar da maskara higienikoak zaborretara botatzerakoan, gomak kaltegarriak izan baitaitezke animalientzat. Gurutze Gorriak eta beste hainbat erakundek dei egin dute maskarei gomak kentzera. Antzeko zerbait gertatzen da freskagarri laten puntakoekin ere.
Konturatu al zarete gure inguruak goxoki paper-plastikoz edo freskagarri botila-lataz josita dauzkagula? Gure seme-alabek asteburutan ematen diegun diruarekin erosten dituzten litxarrerien hondakinak ez badira, nondik ote datoz? Hitz egin dezagun haiekin, eta ekar diezaiegun gogora itsasoa erreketan hasten dela, eta errekak gure kale nahiz plazetan… zakarrontziz josita dauden kale eta plazetan, argi esan behar bada.