Esana genizuen jolastokien diseinuaren eta okupazioaren inguruan eta eskolarako bidearen ingururan gogoeta egin nahi genuela, gure seme-alaben mugikortasun-ohiturek eragin zuzena dutelako haien osasunean. Eta bi hari-mutur horiei tiraka jardun gara azkeneko hilabeteetan. Behaketa lanetan, informazioa batzen eta Euskal Herriko beste hainbat herritan abian jarritako ereduak aztertzen aritu gara denbora luzez, eta egindakoen berri ematera gatozkizue orain. Laburrean: Batetik, Eskola Bidea proiektua prestatzen ari gara gure ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitu ahal izateko, eta eskolarako bidea lagunekin egin dezaten (Proiektua diseinatzen ari gara, eta prest izan bezain laster jakinaraziko dizuegu, zuen ekarpenak jasotzeko). Eta bestetik, ikastolako jolastokiaren inguruan (patio handia + txikia+ ingurunea) hausnartzeko prozesu parte-hartzaile bat abiatu asmo dugu. Udalak (alderdiek, Ongizate Sailak eta Kultura Sailak), Ikastolak, patioaren ohiko erabiltzaile batek eta Arnok osatu dugu batzordea. Hastapenak baino ez dira, baina abiatu gara. Ikastolako zuzendaritzak klaustrora eramango du gaia aurki, ikastolaren beharrak identifikatzeko, garbi dugulako proiektuak alde guztien gutxieneko beharrak asetu behar dituela.

ESKOLARA BIDEA: Gure haurrek ikastolara joateko erabili ohi dituzten bideak aztertu, puntu beltzak izan daitezkeenak  identifikatu, eta horiek mapa batera eraman nahian ari gara, Udalean eta ikastolan aurkezteko. Ikastetxerako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, bizikletaz, patinetez…) seguruan eta autonomoan egin ditzatela da helburu nagusia. Horixe jasotzen duelako Osasun Sailak berak ere,  osasunerako eskubidearen barruan.

PATIOAREN INGURUKO GOGOETA

Aurreratu genizuen patioaren egituraren, diseinuaren eta haren okupazioaren inguruan prozesu parte-hartzaile bat hasi nahi genuela, zenbait gurasok hala eskatuta, eta hori bultzatu nahian jardun gara azaroaz geroztik. Urgentziazko proposamen bat  ere eraman genuen Udalera, patioaren erabilera ekitatiboagoa egin aldera, baina hasieratik garbi utzi genuen behin-behineko irtenbidea baino ez zela hori, gai honek gogoeta luzeagoa eskatzen zuelako, eta eragile guztien parte-hartzea ere bai, jakina. Beharrak askotarikoak izan daitezkeelako eta guztionak hartu nahiko genituzkeelako aintzat. Eta gaur, albiste pozgarri bat eman nahiko genizuke, gorago aurreratutakoa:  prozesu parte-hartzailea abiatzeko batzordea eratu dugu.

Arrazoiak: Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak berak argitaratutako Eskoletako jolastokiak eraldatzeko proiektu parte-hartzaileak egiteko gidan dion bezala, jarduera fisikoa egiteak ez die osasunean bakarrik eragiten gure neska-mutilei; ikasteko gaitasunean ere eragiten die, eta horregatik, oso kontuan hartzeko gaia dela iruditzen zaigu, denek ez baitute Osasunerako Mundu Erakundeak gomendatu bezala, egunean gutxienez 60 minutuz ariketa fisikorik egiten. Esan beharrik ez dago eskola-ingurunea leku aproposa dela jolasera eta mugimendura bultzatzeko, bai eta, eskola orduz kanpo, familien arteko harremanak sustatzeko ere.

Baina, gaur egun eskoletako jolastoki askok duten egitura eta diseinuak ez dute beti laguntzen, eta gure kasuan ere antzeko zerbait gertatzen dela ikusi dugu: Gure jolastoki handia kirol jakin batzuetan aritzeko prestatuta dago, eta horrek dakarrena da erabilera ez dela izaten ekitatiboena. Begi-kolpe batean ikusiko du, ulertu nahi duenak. Baloiarekin jolasten direnek okupatu ohi dute espaziorik handiena eta gainerakoak periferiara kondenatuta egon ohi dira. Hau da, bazter gelditu ohi dira baloi-jokoa  gustuko ez dutenak eta ikaslerik ez aktiboenak. Eta horrek kezkatuta gaitu. Nahiko genukeena da ikastolako jolastokiaren espazioa ikasle guztiek erabili ahal izatea.  Guztiek, bai, eta nabarmendu nahiko genuke hori. Ez gaude futbola debekatzearen alde, ez genukeena nahi da futbolak espazio osoa hartzea.

Eusko Jaularitzaren gida: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/patios_escolares/eu_def/adjuntos/eskoletako_jolastokiak_GIDA.pdf

Bi gai hauek beste lanketa sakonago bat eskatzen dute, eta horregatik, aparteko atal bana emango diegu blogean. Eta informazio gehiago izan ahala eguneratuko ditugu bi atalok.

Hemen linkak: PATIOA: https://arnogurasoelkartea.eus/ikastolakopatioaeraldatzekoproiektua/

ESKOLA BIDEA: https://wordpress.com/page/arnogurasoelkartea.eus/71

BIDEO INTERESGARRI BAT: