Psikomotrizitatearen inguruan lanean hasiak ginela jakinarazi genizuen, eta egindako pausoen berri eman nahiko genizueke orain, badaukagulako berri on bat.

Pandemia egoeran, psikomotrizitatea emateari laga zioten ikastolan, segurtasunaren izenean. Arnotik beti esan diegu ahal zen azkarren bueltatu behar zela lehengo egoerara. Ikastolatik erantzun ziguten, baina, hezkuntza-jarraibideek ez zutela horretarako aukerarik ematen, ezinezkoa zitzaielako gutxieneko segurtasun- eta higiene-baldintzak betetzea, eta ondorioz, kutsatzeko arriskuak saihestea. Hori dela-eta erabaki zuten aldi batez psikomotrizitatea emateari uztea. Hezkuntza komunitateko parte den heinean, alkatearengana ere jo genuen gai honekin eta ikastolako zuzendaritzarekin ere behin baino gehiagotan erabili dugu gaia. Eta zorionez, eginahalek eman dute fruitua. Udalak HEPA iragazkiko hiru makina hartu ditu alokairuan ikastolan jartzeko: bat jangelarako eta bi psikomotrizitate gelarako. Horri esker, luze gabe, psikomotrizitate gelera itzuli ahal izango dira Haur Hezkuntzako ikasleak (hasiera batean HHkoak). Ikastolatik jakinarazi digutenez, hasi dira gailuak jartzen eta ondo bidean ostiralerako prest izango dira. Ikastolan hasiak dira poliki-poliki psikomotrizitatea nola eman aztertzen, asmoa bueltatzea delako.

Pozik gaude, beraz, ikusten dugulako Arnok egindako lana hasi dela emaitzak ematen. Hala ere, aurrerantzean ere, zuen parte-hartzea ezinbestekoa izango zaigu gure ikastola hobetzen jarraitzeko, bai eta Mendaro hobe bat egiteko ere.