Euskaldun gehienok gure burua hiztun herri txiki eta ahul gisa ikusten dugu –eta hala da oraindik ere aspektu eta eremu askotan-, baina hemendik kanpora beste hizkuntza minorizatuetako kideek indartsu eta nahikoa handi ikusten gaituzte. Egia da ez garela sobera handi eta indartsu, baina egia da baita ere, ez garela uste dugun bezain txiki eta ahul.
Gure ikastolan euskaraz bizi gara, eta beraz, ikastolan hizkuntza handia da euskara. Aldiz, munduan gurea baino indartsuagoak diren beste hizkuntza batzuk ez dira horren handi gure ikastolan. Horregatik, euskararen garrantziaz eta handitasunaz ohartzeko eta gurekin batera bizi diren beste hizkuntzen aitortza egiteko, Mendaro Ikastolako hizkuntza-aniztasunaren mapa osatu nahi dugu, euskara ardatzean jarrita, eta ikastolako profesionalekin elkarlanean. Erreparatu diezaiogun, beraz, gure hizkuntza aberastasunari. Seguru harrituta geldituko garela!.
Baina horretarako, ikastolari eskatu diogu laguntza eta joan zen astean heldu zioten proiektuari. Ikasleei galdetu diete ea zein hizkuntzatan hitz egiten duzuen etxeko epelean. Zein den zuen etxeko hizkuntza eta zeintzuk hizkuntza dakizkizuen gurasook eta zeintzuk aiton-amonek. Mapa osatutakoan, ikus-entzunezko batzuk grabatzeari ekin nahiko genioke, gure herrian hitz egiten diren hizkuntza guztiak jasotzeko.
Guk, aldez aurretik, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure artean bizitzeko euskara ikasi duzuelako edota zuen seme-alabei euskara eman diezuelako. Euskararen inguruan badira bi gezur handi eta zuen entzutean inoiz baino argiago daukagu.
- “Euskara ikastea ezinezkoa da”. GEZURRA. Borondate eta denbora kontua da euskara ikastea, bai eta baliabide kontua ere. Ezinik ez dago beraz. Lerro hauen bidez jakinarazi nahi dizuegu euskara ikasi nahi dutenek herrian ikasteko duten zailtasunen inguruko gogoeta ere helarazi dugula Udalera. Mendaron euskara eskolak sortzeko ezartzen dituzten baldintzen inguruko hausnarketa egiteko eskatu diegu eta UEMAk hartu du gai hori lantzeko ardura.
- “Euskara ez du inork hitz egiten, eta ez dit ezertarako balio”. GEZURRA. Munduan milioi bat euskal hiztun gaude, eta Euskal Herrian eta Mendaron bertakotzeko tresna garrantzitsua da euskara. Seguru gaude euskara ikasteak gure kultura eta herria hobeto ezagutzen lagunduko dizuela zuei ere, eta gu ondoan izango gaituzue.
Astia duzuenorako, hona bi bideo interesgarri (gaztelaniaz dira biak):
Ongietorriak euskararen mundura, lagunak!
OHARRA: Gure ikastolako hizkuntza-aniztasunaren mapa osatu aurretik, baina, erreparatu diezaiogun munduko hizkuntza-aniztasunaren mapari.
HIZKUNTZAK MUNDUAN, DATUTAN
- Munduan 7.000 hizkuntza inguru mintzatzen dira. Horietatik 250 soilik iristen dira milioi bat hiztun baino gehiago izatera, eta 10 milioi hiztunetik gora dituzten hizkuntzak 60 baino ez dira.
- 12 hizkuntzak bakarrik (%0,2 ozta-ozta) dituzte 100 milioi hiztun baino gehiago: txinerak, ingelesak, hindierak, espainierak, frantsesak, bengalerak, arabierak, errusierak, portugesak, indonesierak, japonierak eta alemanak.
- Planetako populazioaren %50 baino gehiagorentzat lehen hizkuntza munduan gehien hitz egiten diren 12 hizkuntza horietako bat da. 580 hizkuntzak bakarrik dute nolabaiteko aitortza instituzionala, eta ondorioz, erabil daitezke administrazioan, hezkuntzan edo hedabideetan.
- UNESCOren arabera, hizkuntzen %43k ez dute bermatuta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa. Hori horrela, galtzeko arriskuan daude. Izatez, bi astetik behin hizkuntza bat hiltzen da munduan.
- Mundua anitza da hizkuntzei dagokienez. Zatirik handienean jendea hizkuntza bat baino gehiago mintzatzen den komunitateetan bizi da. Elebakartasuna salbuespena da, eta ez lege.
- Egia da, hala ere, askotan iruditzen zaigula gure egoera oso eleanitza dela, baina hori ere ez da horrela. Europa da alde handiz (etorkinen hizkuntzak aintzat hartu gabe) hizkuntza gutxien duen kontinentea. Munduko hizkuntzen %3 besterik ez da hitz egiten Europan: 234.