2021ak haize berria ekarriko digun itxaropenez ekin diogu bigarren hiruhilabetekoari Arnon ere. Elkar hartzen, gure hezkuntza komunitatearen egoeraren diagnosia egiten eta elkarrekin amesten orduak eman ditugu, baina diagnostiko hori bateratua izan dadin eta egin beharrekoen artean lehentasunak elkarrekin zerrendatzeko, zuekin elkartzeko beharra sentitzen dugu. Zuen kezkak, nahiak eta ametsak ezagutu nahi ditugu, erabaki guneetara eramateko. Eta horretarako, talde-bileretara gonbidatu nahi zaituztegu. Taldean sinesten dugu eta taldean jardun nahiko genuke zuekin hizketan. Gonbidapena da, jakina, baina ahal duzuen neurrian parte hartzeko eskatu nahiko genizueke. Estimatuko diezuegu aintzat hartzea.

Datorren astean egingo ditugu bilerak, udaletxean, ondorengo egun hauetan.

HH 2: Urtarrilak 25 (18:00-19:00)

HH 3-4 eta 5: Urtarrilak 26 (18:00-19:30)

LH 1-2: Urtarrilak 26 (18:00-19:30)

LH 3-4 eta 5-6: Urtarrilak 28 (18:00-19:30)

*Bi egunetan, 26an eta 28an, bina bilera egingo ditugu, ordutegi berean, baina areto ezberdinetan izango dira.

Pandemia egoeran, prebentzio neurri guztiak betetzea dagokigu, eta horregatik, eskertuko genizuke zuen parte-hartzea konfirmatzea, behar diren neurriak hartzeko: arnogurasoelkartea@gmail.com

Guk argi dugu ez zaizuela damutuko etortzea, baina etorri edo ez zalantzan bazaudete, hemen animatzeko arrazoi batzuk.  Bilerara etorri ezin duzuenontzat, berriz, hemen gure posta elektronikoa, ekarpenak idatziz egin ahal izateko: arnogurasoelkartea@gmail.com edo whatsappez, zuen mailako ordezkariei idatzita.

  • Garrantzi handiko gaiak lantzen dihardugulako eta zure iritzia eta laguntza behar ditugulako.
  • Guztiok garelako arnokide, denok garelako garrantzitsuak eta funtsezkoa iruditzen zaigulako alor ezberdinei buruz dituzuen iritziak eta bizi dituzuen esperientziak denokin konpartitzea.
  • Emozionalki oso urte gogorra izaten ari delako eta elkarri laguntzeko gaudelako.
  • Lasaitasunez eta askatasun osoz hitz egiteko espazio seguru bat eskaini nahi dizuegulako.
  • Bakarka baino, taldean gehiago egin dezakegulako. Arazoak, zailtasunak, ilusioak nahiz pozak konpartitzeak denoi egiten digulako on.
  • Moldatu, aldatu eta ondu nahiko zenukeen hori moldatzea, aldatzea eta ontzea badagoelako, indarrak batu eta elkarrekin lan eginda. Zaintza, egutegia, jangela eta antzeko gaiak patioko nahiz plazako hizketaldietara muga ez ditzagun.
  • Erabaki organoetan gaudelako eta guraso guztion ahotsa izan nahiko genukeelako haietan. Eta horretarako, zer nahi/uste duzuen jakitea ezinbestekoa zaigulako.
  • Ikasketa prozesua ez delako eskolara mugatzen eta hezkuntza komunitateko eragile guztiekin lankidetzan Mendaro hobe bat egiteko aukera daukagulako.
  • Lagunarte bat topatuko duzulako Arnon.
  • Helburu berarekin ari garelako denok: gure seme-alaben ongizatea .