Heziketarako gune bat gehiago da eskolako patioa. Inork ez du hori zalantzan jartzen, baina zenbait gurasok kezka agertu dute haren erabileraren/okupazioaren inguruan eta kexak ere jaso ditugu, bai guk eta baita Udalak ere. Horregatik, gai honi lehenbailehen heltzeko beharra sentitu dugu, eta ari gara urgentziazko proposamen bat lantzen [planteamendu sakonago bat ere egin nahiko genuke aurrerago, zuen ekarpenekin]. Batzar ordua ere eskatua diogu Iñaki Arregi alkateari, baina aurrez, zuekin konpartitu nahiko genuke gure gogoeta hau.
Espazio publikoan bizi edo esperimentatzen duten aurreneko esperientzia sakonenetakoa eskolako jolastokian izaten dute haur askok, eta horrenbestez, jolastokien diseinua eta okupazioa oso dira kontuan hartzekoak. Inork ez du zalantzan jartzen heziketarako gune bat gehiago dela eskolako patioa. Besteak beste, espazio publikoa erabiltzen eta harreman sozialak garatzen ikasten dute bertan haur zein nerabeek. Baina gurasoen artean badabil kezka bat aspaldian, eskola orduz kanpo patioaz egiten den erabileraren inguruan.
Zer-nolako rolak erreproduzitzen dituzte patioan gure haur eta gazteek? Zer-nolako harremanak izaten dituzte? Zein balio nagusitzen dira? Zer-nolako jolasak, kirolak eta ikaskuntzak indartzen dira?
Jabetu gara gure ikastolako patioaren zatirik handiena jarduera bakar baterako erabiltzen dela, gehienetan futbolerako, eta horrekin mezu argia igortzen ari garela gure seme-alabei, aukera berdintasunarekin zerikusirik ez duena, bide batez esanda. Eta kezkatzen gaitu horrek, balio hezitzaileak barneratzeko gunea eta harreman gizatiarrak sustatuko dituen eremua izan beharko lukeelako patioak, gure ustez. Eta gogoetarako puntu batzuk ekarri ditugu hona:
- Ez da bidezkoa 2 edo 3 urteko haur bat beldurrez ibili behar izatea ikastolako patioan. Ez da justua haientzat lur etsai izatea ikastolako patioa.
- Ez da bidezkoa, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, hain aktiboak ez diren haurrak ertzetan (harmailetan-eta) jolastera kondenatuta egotea patioan.
- Jolastokia hezkuntza komunitatearen topagunea da, eta haren egituraketak eta erabilerak eragin zuzena dute bertan biltzen diren pertsonen ongizate fisiko, emozional eta afektiboan.
- Ez da gauza berria espazioaren zatirik handiena futbolerako erabiltzea. Eta are gutxiago orain, COVID-19aren eraginez, patio txikia itxita dagoenetik, bigarren jolaslekua ere ezin dutelako erabili txikienek edo horren aktiboak ez diren gainerako umeek.
- Adin guztietako pertsonek gozatzeko lekua da patioa. Askatasunean eta errespetuan oinarritu behar da haren erabilera, eta elkarrekin jolas giro osasuntsu bat sortzeko bidea jarri beharko genuke horretarako.
- Horregatik guztiagatik, gurasoei eskatzen diegu arduraz joka dezatela eta justizia, berdintasuna eta dibertsitatearen balioak defenda ditzatela. Badakigu ur handitan sartzen ari garela, zeresan handia emango duen gaia izan daitekeela hau, baina haur guztien aukera berdintasunaren alde egitea dagokigu, elkarbizitzarako urrezko araua delako aniztasuna errespetatzea eta gure haurrak errespetuan heztea. Horregatik gure gomendioa: 16:30etatik 18:00ak arteko ordutegian, patioaren okupazioa jolasean ari diren ume kopuruari lotua egon behar da, ezin da gutxiengo baten mesedetan eta askoren kaltetan erabili, eta jolasak/jokoak ezin ditu inoiz jolastokiaz gozatzeko eskubide bera duten gainerako pertsonak arriskuan jarri.
- Ulertzeko ahalegina egitea eskatzen dizuegu, eta bide batez, zuen seme-alabekin gai honi buruz hitz egiteko.
Berez jolasteko gune bat izan beharko luke espazio hau, eta adierazten duzuen bezala, ekintza zehatz batek hartzen du protagonismo osoa. Haurrek gune honen funtzioa onartzen dute, horrela izan delako beti, baina ez dira euren beharrak eta nahiak asetzen.
Haurrei beraiei galdetu diezaiekegu zer nolako jolastokia nahi duten. Hortik abiatu gintezke helduok, haur guztiei entzunaz.
Bai, arrazoi duzu, Mari. Guztiz konforme gaude zurekin. Lehenengo pauso bat izan nahi luke honek, urgentziazko irtenbidea. Nahiko genuke aurrerago jolastokien inguruko gogoeta sakonago bat abiatu, hezkuntza komunitateko eragile guztien parte-hartzea sustatuta. Eta jakina, haurrak ere badira komunitate horretako parte, bai eta zuek ere, irakasleak. Mila esker zure ekarpenarengatik. Egun ona izan!
Arno Guraso Elkartea