NOR GARA: 18 gurasok osatzen dugu Arnoko taldea. Asko eta askotarikoak gara. Gehienok bina seme-alaba dauzkagu eta kezka batek batzen gaitu: gure eta zuen seme-alaben ongizateak eta Mendaroko hezkuntza komunitatearen osasunak.

IKASTOLAREKIKO HARREMANA: Hezkuntza komunitate bereko parte gara ikastola eta Arno guraso elkartea eta eskutik egin nahiko genuke lan. Konfiantzan oinarritutako komunikazio estu eta zintzoa bilatuko dugu uneoro. Lankidetzan jardungo gara ahalik eta eskolarik onena egiteko, eta lankidetza horrek bi premisa beteko ditu: elkarri entzutea eta elkarren arteko konfiantza. Aparteko egoera bizi dugu, konplexua, baina zailtasunak zailtasun, garbi daukagu eskola ahalegin handia egiten ari dela ahalik eta egokien jokatzeko. Eta egiteko horretan ondoan izango gaituztela, hezkuntza komunitateko parte aktibo izan nahi lukeelako Arnok.

HELBURU NAGUSIA: Parte-hartzea eta erreferentzialtasuna. Bi alor horietan lan egin nahiko genuke datozen urteetan. Edozein beharrizanen aurrean, Arno guraso elkartea ikastolako guraso guztientzako erreferentziazko elkarte izatea nahiko genuke. Familien beharrei erantzun nahiko genieke, babesa, laguntza, aholkularitza eta orientazioa eman, hala behar dutenei. Azaroaren 13an hartu genuen kargua, baina Arno ez gara gu bakarrik. Guraso guztiok gara arnokide eta denontzat eta guztiekin egin nahiko genuke lan. Talde irekia izateko bokazioz hasi dugu ibilbidea, eta denon ekarpenekin ondu nahiko genuke Arnoren proiektua.

EGOERA BEREZIA, AUKERA:  Arnok lan izugarria egin du urteetan. Egiteko asko eta ardura handiak izan ditu, eta horietako batzuk guraso elkarte bati berariaz ez dagozkionak, gure ustez. Ekintzak antolatzeak denbora eta energia asko kendu die gure aurrekoei. Hala ohartarazi zuten joan zen urteko Batzar Nagusian, eta hala egin dute aurtengoan ere. Ez da kontu berria. Urteetako kezka da, eta azkeneko bi urteetan saiakera batzuk egin dira indar gehiago jartzen hezkuntza kontuetan. Eta bide hortatik jarraitu nahiko genuke.

Garai ezohikoak bizi ditugu. Pandemiaren eraginez, tradizioz Arnok antolatu izan dituen ekintza asko ezingo dira gauzatu, eta baliatu nahiko genuke aukera hau guraso elkarte bati lotuago dauden kontuei indar handiagoz heltzeko.

Eta hori dena bi ardatzen bueltan jarri nahiko genuke martxan: batetik, hezkuntza komunitatea ulertzeko adiera zabalago batetik egin nahiko genuke lan, eta bestetik, Arnoren balioetan oinarrituta.

  • Hezkuntza komunitatea: Hezkuntzaz jardutea, herri-erronka batez jardutea da. Hezkuntza komunitatea ez da ikastolako irakasle, ikasle eta haien familietara mugatzen. Edo ez dugu hala ulertzen guk, behinik behin. Hezkuntzan eragin eta laguntzen duten herriko beste pertsona, erakunde eta zerbitzuek ere osatzen dute hezkuntza komunitatea eta haien ondoan eta haiekin guztiekin lan egin nahiko genuke. Elkarlana eta lankidetza sustatu nahi ditugu herriko gainerako eragileekin, hezkuntza komunitate aktiboago eta sendoago bat lortzeko.

“Zer jakin beharko luke 12 urteko batek bere herriaz ikastolako ibilbidea amaitzen duenean?”. Nahi genuke gure haurrek bizi diren herriarekiko atxikimendu handiagoa izatea, bai eta ezagutza handiagoa ere hazten ikusten dituen herriaz.

  • Balioak: Parte-hartzea, elkartasuna, aniztasuna, inklusioa, berdintasuna… Horra hor Arno guraso elkatearen baliotzat ditugunak. Lurrak eguzkiaren bueltan bezala balio horien bueltan gauzatu nahiko genuke gure proiektua. Balio horiez gain, beste hiru ezaugarri nagusi izango ditu gure proiektuak. Herrigintzan sinesten dugu, eta herrigintzan diharduten gainerako eragileekin batera jardun nahi dugu, euskaraz eta euskaratik, inor atzean laga gabe.

LAN-ILDO NAGUSIAK

  1. PRESTAKUNTZA

Guraso eskola: Plan baten barruan ulertzen dugu formazioa. Prestakuntza plan hori hiru ardatzetan oinarritzen da, gure ustetan: gurasoak, haurrak eta irakasleak.   Egunerokotasunean daramagun erritmo eta zurrunbilotik irten eta pausatzeko arnas leku bat da guraso eskola, haurren heziketan kezka sortzen duten gaiak tratatzeko, eta era berean, gure balioak lantzeko: berdintasuna, inklusioa, parte-hartzea, eta aniztasuna.

  • ESPAZIOAK
  • Herriko eta ikastolako espazioen erabileraren eta okupazioaren inguruan gogoeta sustatu nahi dugu.
  • Eskola Bidea proiektuaren inguruan gogoeta egin nahi dugu, Umeen mugikortasun ohiturek eragin zuzena dutelako gure haurren osasunean. Eskola Bidea haurrak eskolara bakarrik eta oinez (edo bizikletaz, patinetez…)  joatea sustatu eta erraztu nahi duen ekimena da, hau da, helburua da helduen laguntzarik gabe egitea eskolarako bidea haurrek.
  • Haurrentzako jolaslekuen inguruko gogoeta sustatu nahi dugu: Uste dugu esperimentatzen uzten duten parkeak behar dituztela umeek.

EUSKARA

EUSKARA TALDEA: Euskararen erabilera sustatu nahi dugu, umeen zein gurasoen artean. Ekosistema bereko organismoak dira kultura eta hizkuntza, bat ezin da bestea gabe, eta euskararen erabilera sustatzeko ezinbesteko ikusten dugu kulturaren praktika bizkortzea. Eta alderantziz.

KIROLA

  • Esti Gonzalezek eta Felix Astigarragak bere garaian aurkeztutako proiektuari heldu nahiko genioke eta hezkuntza komunitatearen agendan sartzea.
  • Beste kirolen praktika sustatu nahi dugu.
  • Herriko gazteen inplikazioa bilatu nahi dugu kirol arloan.