Pasa den asteazkeneko 19:00etan 19 bazkide elkartu ginen udaletxeko batzar-aretoan, ARNOko estatutoen aldaketaren inguruko ez-ohiko batzarrean. Aldaketa hauen arrazoi eta helburuak duela gutxi azaldu genituen hementxe bertan: oraingo honetan bere ondorio praktikoak aipatuko ditugu, ahalik eta laburren.
Erabaki honen ondorioak, datorren ikasturtearen hasieran bertan
Kurtso bakoitzak 2 ordezkari hautatu beharko ditu ARNOko zuzendaritza-batzorderako (ez dute gela desberdinetako ikasleen gurasoak izan beharrik). Noiz? Iraileko lehenengo astean, ikasturtea aurkezteko egiten diren bileretan (urte bikoitietan). Gogoan izan:
- LH6an ezik, kurtso guztietan egingo dela hautaketa, HH2tik LH5era.
- Karguaren iraupena 2 urtetakoa dela.
- Inoiz ARNOko batzordekide izan dena ez dagoela berriro hautatzerik, ez bera eta ezta bere bikotea ere.
Gainera, ARNOko zuzendaritza-batzordeko kide batzu gure ordezkari izango dira Eskola Kontseiluan
Zuzendaritza-batzordeko 6-9 kide Eskola Kontseilurako hautatuko ditugu. Noiz? Azaroan (urte bikoitietan). Gogoan izan:
- Karguaren iraupena 4 urtetakoa dela.
- ARNOko batzordekide izateak baino askoz zama arinagoa duela Eskola Kontseiluan ordezkari izateak, urtean hiruzpalau bileratan parte hartzea eskatzen baitu.
Zer dela eta aldaketa hauek?
- Karguaren iraupena 2 urtetan finkatzea, batzordeko kide izateak dakarren zama arintzearren.
- Kurtso bakoitzetik 2 ordezkari eskatzea, ARNO ikastolaren eta gurasoen arteko benetako zubi izan dadin.
- Inoiz batzordekide izan dena (eta bere bikotea) hautaezina izatea, ARNOko ordezkaritzan egungo gizarteak duen aniztasuna islatzeko.