1. OHARRA, ARNOri buruz

Mendaro Ikastolako ikasleen gurasoak ARNOn gaude elkartuta. Beste edozein elkartek bezala, ARNOk bere estatutoak eta Zuzendaritza-Batzordea ditu (hemendik aurrera “batzordea” deituko duguna), bere lehendakari, lehendakariorde, idazkari, diruzain eta bokalekin. Estatutoak eta batzordea ez datoz zerutik: bazkideok nahi ditugun bezalakoak izango dira, eta bere arauak bizirik daudenez, aldaketak egin daitezke behar den guztietan. ARNOko batzordeko kideak elkartearen ekintzen antolaketaz eta hauek aurrera ateratzeaz arduratu ohi dira. Gainera, ikastolaren eta gurasoen arteko zubia izaten saiatzen gara. Ekintza hauen laburpena “Zer da Arno?” idatzian irakur dezakezue, 2012ko urrian zabaldu genuena.

2. OHARRA, estatutoen aldaketari buruz

ARNOko batzordekideok estatutoak aldatzeko proposamenik izango ez bagenu ere, noiz edo noiz egitea tokatuko litzaiguke, Euskadiko Elkarteei buruzko 7/2007 Legeak estatutoak formato jakin batetara moldatzera behartzen bait gaitu. Baikarak (Gipuzkoako IGEak elkartzen gaituen federazioa) pasa digun abisuaren arabera, oso gutxi gara estatutoak formato berrira moldatu gabe ditugun elkarteak, eta ezin dugu jada denbora gehiagoz atzeratu. Beraz, Ez-ohiko Batzar batetara deitu zaituztegu (legeak hala eskatzen du), non estatuto berriak eztabaidatzea eta adostea espero dugun.

3. OHARRA, Eskola Kontseiluari buruz

ARNO gauza bat da, eta ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Gorena beste bat (duela gutxi arte OOG “Eskola Kontseilua” bezala ezagutu dugunez, hemendik aurrera OOGari “kontseilua” deituko diogu). Gurasook ikastolako kontseiluan baditugu baita ere gure ordezkariak: 29 kideko kontseiluan, 15 gurasoez gain 10 irakasle, zentruko zuzendaritza-taldeko 3 irakasleak eta Udaletxeko ordezkaria gaude. Eskola kontseiluen arauak Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legean daude finkatuta, eta Euskadiko eskola publiko guztientzako amankomunak dira. Kontseiluan gurasoen ardura eta zereginei buruzko informazio gehiago. Mendaroko kasuan, kontseiluko kide izateak eskatzen duen konpromiso praktikoa urtean hiruzpalau bileratara joatea da.

Behin hau argituta, goazen harira

ARNOko batzordean badaramagu zenbait hilabete batzordearen jardunbidea zuzentzen duten arauei buelta batzu ematen. Idatzi honen bitartez saiatuko gara azaltzen nola ikusten dugun gai hau eta ze proposamen pentsatu dugun egoera hobetzeko. 2013ko Batzar Orokorrean azaldu bezala, gaur egun ARNOren funtzionamendua zuzentzen duten arauak bi dokumentutan jasota daude: elkartearen estatutoak alde batetik, eta 2008ko urteko batzarreko akta bestetik.

Estatutoak

Indarrean dauzkagun estatutoak ARNOko bazkideek 1998ko abenduaren 4an onartu zituzten. Orain dabilkigun gaiaren inguruan aipatzen diren alderdi nabarmenenak:

  • Karguaren iraupena 2 urtez luzatzen da.
  • Bi urtean behin Zuzendaritza-Batzordea %100ean berritzen da.
  • Zuzendaritza-Batzordea 6 kidek osatzen dute (lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria, diruzaina eta 2 bokal).

2008ko Urteko Batzarreko akta

Batzar hartan orduko batzordeak ARNOren funtzionamendua hobetu behar zuen proposamen bat aurkeztu zien bazkideei. Kontuan izan behar da garai hartako testuinguruak arazo hauek azaltzen zituela:

  • Bi urtean behin ARNOKO batzorderako 6 guraso berri topatu behar ziren. Baina, gainera, 2 urtean behin ikastolako kontseilurako ere beste 6-9 guraso inguru topatu behar izaten zen. Alde batetarako jendea lortzea nahikoa lan ez (ikastolako kontseilua), eta beste alderako jende gehiago lortu behar (ARNOko batzordea).
  • Honi gehitu behar zaio baita ere batzutan koordinazio-eza gertatzen zela ARNOko batzordearen eta kontseiluko gurasoen artean.

Batzarrean aho batez onartu zena hau izan zen: une hartatik aurrera, 2 hauteskunde ospatu ordez, ARNOko batzordeko kideak hautatzeko prozesua kendu, eta horretarako, ikastolako kontseilurako hauteskundeak aprobetxatuko zirela.

2008ko batzarraren ondorioak

Batzar hartatik aurrera, ikastolako kontseilurako hautatua izateak ARNOko batzordeko kide izatea zekarren ondorio automatiko bezala. Beraz, ordu ezkeroztik ARNOren funtzionamendua estatutoek agintzen dutenaren ezberdina izan da:

  • Orain karguaren iraupena 4 urtez luzatzen da, 2 urtez izan ordez.
  • Bi urtean behin batzordea %50ean berritzen da (ikastolako kontseilurako hauteskundeekin batera, lehen esan bezala), %100ean izan ordez.
  • Horrela, ARNOko batzordea 15 kidek osatzen dute (lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria, diruzaina eta 11 bokal), 6 kidek osatua izan ordez.

Egungo batzordeak egiten duen analisia

Aipatu batzarrean hartutako akordioaren irakurketa positiboa egiten dugu: diagnostikoarekin bat egiten dugu eta baita erabilitako irizpideekin ere. Baina hain positiboak izan ez diren zenbait ondorio nabarmendu ditugu:

  • Gure iritzian 4 urte denbora luzeegia da ARNOko batzordeko kideentzako. Ez da erraza batzordean parte hartuko duen jendea topatzea, eta zailtasun horren parte batek karguaren iraupenean datzala uste dugu. Lehen aipatu bezala, batzordeko kideek bere gain hartzen dituzte elkarteak eskaintzen dituen ia zerbitzu guztiak antolatzea eta aurrera ateratzea, eta hori 4 urtetaraino luzatzea nahiko zama astuna dela uste dugu.
  • Bestalde, ARNOk hautaketa prozesu propioa izateari utzi zion, eta horrek bazkideek elkartearekin duten konpromisoa ahultzea ekarri duela iruditzen zaigu, besteak beste bi urtean behin gure ordezkariak hautatzeko unea iristean nabarmentzen dena.

Egungo batzordearen proposamena

Aurrekoa ikusita, Ez-ohiko Batzar bat deitzea erabaki dugu, egoeraren analisia egiteko eta hau hobetzeko daukagun proposamena azaldu asmoz. Proposatuko ditugun aldaketek honoko helburuak dituzte:

  1. Batzordeko kide izateak dakarren zama arintzea, karguaren iraupena 2 urtetara murriztuz. Goian aipatu bezala, 4 urte denbora gehiegi iruditzen zaigu ARNOren ekintzekin konpromisoa hartzeko. Honek ez dauka konparaziorik kontseiluko kide izatearen loturarekin, hau askoz ere arinagoa baita.
  2. ARNOn kurtso bakoitzaren ordezkaritza bermatzea: 2 urtean behin kurtso bakoitzak bina ordezkari hautatuko lituzke batzorderako. Gure ustean neurri hau beharrezkoa da ARNO ikastolaren eta gurasoen arteko benetazko zubi izan dadin.
  3. ARNOko ordezkaritzan aniztasuna handitzea: gure ustean, elkarteak gero eta anitzagoa den gizartearen islada izan behar du, eta horregatik errotazio-sistema bat proposatzen dugu: honen arabera, guraso bat ARNOn ordezkari izan denean, ez bera eta ezta bere bikotea ere ezin izango dira berriro hautatu.

Ez-ohiko batzarra

Eguneko ordenak gai bakarra izango du: “ARNOko estatutoen aldaketa”. Idazketaren formato berrira egokituko ginateke, egun indarrean ditugun estatuekin alderatuta aldaketa minimoak sartuz:

  1. Izen ofizialaren aldaketa: “Mendaroko San Jose Ikastolako Arno Guraso Elkartea” izatetik “Arno Guraso Elkartea” izatera pasatuko litzateke (kontu praktiko bat da, hainbat inprimakitan ez bait zaigu izen osoa kabitzen).
  2. Zuzendaritza-Batzordeko kideak “lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria, diruzaina, eta 5 eta 15 artean finkatu gabeko bokal kopuru bat” izango lirateke hemendik aurrera.

Gure proposamenaren arabera, beste akordio guztiak estatutoetara eraman ordez aktan jasoko genituzke. Izan ere, estatutoak xehetasun osoz definitu ondoren gure jardunbidean aldaketarik egin nahi izango bagenu, beste Ez-ohiko Batzar bat deitu beharko genuke, aldaketa Eusko Jaurlaritzara bidali, etab. Egokiagoa iruditzen zaigu estatutoak beharrezkoa den minimoan aldatzea, beste konpromiso guztiak aktan jasoz. Aktan jasotzea proposatzen ditugun puntu garrantzitsuenak:

  1. ARNOko batzorderako hauteskundeen data: urte bikoitien irailean, kurtsoko aurkezpen-bileraren amaieran.
  2. Karguaren iraupena: bi urte.
  3. Kurtso bakoitzeko ordezkari kopurua: 2 (Lehen Hezkuntzako seigarren maila izan ezik). Horrela, ARNOko batzordea 18 kidek osatuko lukete.

Beste proposamenetara zabalik
Hau batzorde honen proposamena da, eta Ez-ohiko Batzordean aurkeztuko duguna. Dena dela ere, edozein bazkidek beste edozein proposamen aurkeztu dezake batzordean. Horretara animatzen zaituztegu, eta baita post honen amaieran iruzkin bat idaztera (izena eta abizena, mesedez) edota gure helbidera testu bat bidaltzera ere: arnogurasoelkartea@hotmail.com

Mila esker, eta zorionak testu honen amaierara iristeko gai izan bazara!